[Garatzen ari den proiektua]
Aita Aranon (Nafarroa) jaio zen eta ama Hernanin (Gipuzkoa) eta ni El Portu auzoan bizi naiz, Urumea ibaia duela urte asko nabigagarria zelako du izen hori nire auzoak. Gure familia Urumea ibaiari lotuta bizi izan da beti. Irudi hauek etortzen zaizkit burura nire etxea edo jatorriaz pentsatzen dudan bakoitzean, edonon nagoela ere, hemen edo munduaren beste aldean. Hauek dira barruan ditugun irudiak, gure izaerari, gure imajinarioari eta identitateari forma ematen diotenak.
Etxean kontatu zizkiguten istorioak bezala: nola gure aitaren birramona Lamiekin elkartzen zen, basoan ezkutatuta zegoen putzu txiki batean, Urumea ibaiadarretako batean, eta nola harrapatzen zituen amuarrainak hortzekin. Edo nola nire amonak eskaileretan gora igo behar izan zuen errementariaren txerria bere etxera, ero moduan oihuka ari zela, uholdeengatik ukuiluan ito zedin. Proiektu honetarako, latekin eraikitako kamerak erabili ditut eta ibaian kokatu ditut, kameraren barrena argia igarotzen den zuloa ur-azaletik zentimetro gutxi batzuetara utziz. Ez naiz ni argazkia egiten duena, ibaia bera da argazkilaria. Nire buruari galdetzen diot nola ikusten gaituen ibaiak, eta aldi berean galdetzen diot nire buruari, ia praktika honek ibaietako biztanleengan eragin dezakeen, urazalaratzeko zein harreman ditugun gure herriak eta hiriak finkatu ditugun ibaiekin eta hauen inguruneekin.
Denboraren poderioz, proiektua haziz joan da, eta ubide berriak sortu zaizkio latitude desberdinetan. Helga Massetani Piemonte komisarioak testu honetan ondo azaltzen du proiektuak hartu duen dimentsio hau. Testuak lagunduko du kokatzen Buenos Airesgo MUTREF museoan izango den arte garaikideko jaialdiaren baitan izango dudan erakusketa , 2025eko abuztuan.
«IBAIA EZ DA TOKI BAT proiektuak begirada ibaira itzultzea proposatzen du, eta ibaiak egungo zibilizazioari berea bueltatzea. Bere lanaren ibilbidean, Nagorek latitude desberdinetako ibaiadarrak gehitu ditu, eta ondorioztatu du irudiak bere logikaren bidez lotzen direla eta, horiek elkartuz, «ibaien-ibai bat» sortzen dela. Ikuspegi horretatik, dabilen ur masa da protagonista, eta uraren ondoren eta korrontearen atzean garatzen den jarduerari erreparatzen zaio. Orduan, irudi guztiak begirada bakar batean batzen dira, ikuspegi indartsu bat sortuz, non ibaiak, modu unibertsalean, irudi bakoitzetik behatzen gaituen, eztabaida bat sortzeko espazio egoki bat sortuz, edo gutxienez galderak mahai gainean jartzeko, ibaiekin dugun harremanarekin eta etorkizunean planteatzen zaizkigun erronkekin loturikoak”.
Aita eta biok Urumea ibaian lanean. Lan prozesua azaltzen duen bideoa, Kulturaz Koopek sortutakoa.
PROIEKTUAREN GARAPENA 2016AN HASI ZENETIK:
Proiektu hau hainbat etapatan garatzen joan da. A lderdi askotan ibaiaren logikan garatzen da: ez da ez hasiera ez amaierako logikan garatzen, neuri zehatzik gabeko denbora fluxu bat baita; artista bere bidean jartzen du bitartekari gisa, ez norabide bakarreko egile gisa; eta ibaiadar berriekin eta hazteko aukera berriekin konektatzen da.
– 2016. urtea. “Ibaia ez da toki bat” diziplinarteko erakusketa kolektiboa, Cristina-Enea Fundazioan (Donostia). Bertan, Urumea ibaiaren ikuspegitik ateratako lehen argazkiak erakutsi nituen.
– 2017ko ekainean, Etxepare Institutuak eta AIR WRO (Polonia) erakundeak ODRA ibaiarekin Wroclawn garatzeko aurkeztu nuen proposamena aukeratu zuten. Bi hilabete iraun ziuen erresidentzia honetan, Wroclaw hiriaren argazkia atera nuen ibaiaren ikuspegitik eta hiritarrak errekari argazkiak ateratzera gonbidatu nituen, birziklatutako ontziekin kamerak eraikitzen lantegi batean. Emaitza Europa mailako erakusketa batean aurkeztu zen, ibaiko ura zuten instrumentuekin zuzeneko soinu banda jotzearekin batean. Prozesua eta tailerreko parte-hartzaileen testigantzak biltzen zituen bideo-pieza bat ere aurkeztu genuen, haiek Odra ibaiari ateratako argazkiekin batera.
-Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 26. Konferentziaren (COP26) izan zen Glasgown 2021ean. Testuinguru horretan, Medialab Tabakalerak eta The Photographers Galleryk gonbidatuta, ekintza bat egin nuen Urumea ibaian. Programak irudiarekin, argazkigintzarekin, artearekin eta teknologiarekin lotutako hainbat ekintza izan zituen ardatz, hala nola tailerrak, hitzaldiak edo dibulgaziozko edukiak argitaratzea.
Bideo pieza ikusteko lotura:
https://www.tabakalera.eus/eu/ikusi-irakurri-entzun/edukiak/nagore-legarreta-cop26-eu/
– 2021eko azaroan, Hernaniko Udalaren sormen bekak lagunduta, IBAIA EZ DAT TOKI BAT: URUMEA izeneko dokumentala sortu genuen Bira produkzioekin elkarlanean, Beñat Iturrioz zuzendari lanetan zela. Bertan Polonian probatu nuen lan-metodologiarekin, etxetik gertu dudan Urumea ibaira ekarri nuen. Kasu honetan, prozesua 40 minutuko pieza dokumental batean jaso zen. Dokumentala hainbat espaziotan proiektatu da: Durangoko Azokan, Ur-Mara museoan (Koldobika Jauregi), Chillida-Leku museoan, Donostiako Argazkilari Elkartean, Portugalgo “Landscape together” arte jaialdian, etab.
Dokumentala ikusteko linka:
https://www.youtube.com/watch?v=pc61KY33SBg
– 2024ko uztailean, nire ekimenez, La Habanako Almendares ibaia ikertzera joan nintzen argazki-kamerak jarriz ur-azalean, hiru astez.
– 2025eko uztailaren erdialdean, Casamancera (Senegal) joateko asmoa dut, Ekol Senegal kultur elkartean tailer bat egiteko. Asmoa da herri eta hirigune batzuei argazkiak ateratzea Casamanza ibaitik, galdera berriak sortuz, Europatik kanpoko logiketatik ulertuz ibaiekin ditugun hartu emanak.
– 2025eko abuztuan, latitude desberdinetako ibaien begiradak batuta aurkeztuko ditut lehen aldiz, Buenos Airesgo MUTREFen izango den arte garaikideko jaialdian. Ekimena aurrera atera da BITAMINEk, Etxepare Institutuaren laguntzarekin antolatzen duen EAS-EZE 2025 programari esker.
* “Ibaia ez da toki bat” Iñaki Segurola idazleari hartutako esaldia da.